lunes, 26 de octubre de 2026

SANTU GUZTIEN EGUNA ETA GAU BELTZA

Oroitzapen politak, esker ona eta maitasun-keinu txikiak

Santuak pertsona oso bereziak izan ziren, gu bezala hemen Lurrean bizi zirenak.

Santuak ez ziren pertsona perfektuak. Maitatzen, laguntzen, barkatzen eta mundua pixka bat hobea egiten saiatu ziren pertsonak ziren. Eta guk ere egin dezakegu hori!

Pertsonak laguntzen eta zaintzen zituzten, eskuak luzatzen zituzten, otoitz egiten zuten, barkatzen zuten...

Gau Beltza eta gure oroitzapenak



Aspaldi, Euskal Herriko herri askotan, udazkeneko gau ilunak iristen zirenean, jendea kalabazak hustu, barruan argi bat jarri eta etxeak apaintzen hasten zen. Gau Beltza ospatzen zuten, urteko garai ilunari eta gure oroitzapenei ongietorria egiteko.

Egun horretan, gogoratzen ditugu maite ditugun pertsonak, gure ondoan egon ala ez. Haiekin bizitako une politak gogoratzeak irribarre bat ekar diezaguke, eta eskerrak eman diezazkiekegu gure bizitzako parte izan direlako.

Egun honek gogorarazten digu maitasuna eta oroitzapen politak gurekin geratzen direla, eta inguruko pertsonei maitasuna erakustea oso garrantzitsua dela.

Gogoetaren helburua

Maite ditugun pertsonen oroitzapen politak baloratzea, esker ona lantzea eta maitasuna eguneroko ekintza txikien bidez adieraztea, tristuran edo galeraren minean gehiegi sakondu gabe.

Jardueraren garapena

1. Hasiera: Irakasleak Gau Beltzaren esanahia azalduko du, oroitzapenekin eta guretzat garrantzitsuak diren pertsonekin lotuz.

2. Jarduera: Haurrek pertsona berezi batekin bizitako une polit bat gogoratuko dute, eta marraztu edo idatziko dute.

3. Partekatzea: Nahi dutenek beren oroitzapena azalduko diete ikaskideei. Inor ez da hitz egitera behartuko.

4. Amaiera: Guztion artean pentsatuko dute nola erakutsi diezaiekegun maitasuna eta esker ona gure inguruko pertsonei.

Gogoeta-galderak

  • Zer gauza polit gogoratzen ditugu maite ditugun pertsonez?

  • Nola sentitzen gara haiekin bizitako uneak gogoratzean?

  • Zer ikasi dugu pertsona horiengandik?

  • Nola erakuts diezaiekegu gure maitasuna eta esker ona inguruko pertsonei?

Gogoratu: denok egin dezakegu mundua pixka bat hobea, egunero maitasun-keinu txikiak eginez! ❤️



SANTU GUZTIEN EGUNA

 Egun on denoi! Laster, hurrengo asteburuan hain zuzen ere, Santu Guztien Eguna ospatuko dugu. “Santu” hitza entzuten dugunean, agian elizetako irudiak edo duela urte asko bizi izan ziren pertsonak etortzen zaizkigu burura. Baina… zer da santu izatea?

Santuak ez ziren pertsona perfektuak. Haiek ere zalantzak izan zituzten, akatsak egin zituzten eta momentu zailak bizi izan zituzten. Baina gauza bat saiatu ziren egiten: Jesusen eredua jarraituz, beste pertsonak maitatzen saiatu ziren.

Eta hori eguneroko gauza txikietan egiten zuten: bakarrik zegoenarengana hurbilduz; laguntza behar zuenari eskua luzatuz; barkatzen saiatuz; daukatena besteekin partekatuz; triste zegoenari entzunez… Ez al zaizkizue ezagunak egiten gauza horiek? Azken asteotan guk ere horretaz hitz egin dugu: besteak ikusi, entzun, zaindu, lagundu eta inor bakarrik ez utzi.

Jesusek honela esan zien bere lagunei: «Zuek zarete munduaren argia.» (Mt 5,14)

Argi batek ez du zarata handirik egiten. Baina pizten denean, ingurua pixka bat argiago egiten du. Guk ere gauza bera egin dezakegu. Agian ez dugu gauza ikusgarririk egingo. Baina gure keinu txikiekin gure ingurua pixka bat hobea egin dezakegu.

Pentsa ezazu une batez: Nor da nire inguruan ongia egiten duen pertsona bat? Zer dauka pertsona horrek berezia?

Eta beste galdera bat: Nik zer egin dezaket gaur nire inguruan argi pixka bat jartzeko?

MAITA EZAZU, ZURE INGURUAN ARGIA IZANEZ!



Aukeratu bi keinu hauen artean:

Keinu 1: Sensibilizazio galderak: Zer esan nahi du niretzat “pertsona ona” izateak? Nor ezagutzen dut bere keinuekin besteei on egiten diena? Zer keinu txiki egin dezaket nik aste honetan nire ingurua hobetzeko?

Keinu 2: Minutuko isilunea egin ezazu guretzat onak izan diren pertsoanak gogoratzeko eta euren presentzia eskertzeko.

miércoles, 21 de octubre de 2026

Elkartasunak mugak gainditzen ditu: Kongoko errealitatera hurbildu gara/La solidaridad traspasa fronteras: nos acercamos a la realidad del Congo.

Atzo arratsaldean, urriak 20, El Pilar Ikastetxean elkartasun-topaketa berezia izan genuen. Bertan, FISC erakundeak Kongoko Errepublika Demokratikoko Kalemie hirian garatzen duen proiektua ezagutzeko aukera izan genuen.

Ayer por la tarde, 20 de octubre, celebramos en El Pilar Ikastetxea un encuentro muy especial en torno a la solidaridad. Tuvimos la oportunidad de conocer el proyecto que FISC desarrolla en Kalemie, República Democrática del Congo.




Proiektu honen helburua gatazka armatuaren ondorioz lekualdatutako emakumeen eta familien bizi-baldintzak hobetzea da, osasun-arreta, laguntza psikologikoa eta prestakuntza eskainiz. Horretarako, osasun-azpiegiturak berritu eta beharrezko ekipamenduak eskuratu nahi dira.

Esta iniciativa busca mejorar las condiciones de vida de mujeres y familias desplazadas por el conflicto armado, facilitando atención sanitaria, acompañamiento psicológico y formación. Para ello, se contempla la rehabilitación de instalaciones sanitarias y su dotación de equipamiento médico.


Irungo Udalaren laguntza jaso duen ekimen honen bidez, urrun dagoen baina axolagabe uzten ez gaituen errealitate batera hurbildu ginen.

Gracias a este proyecto, que cuenta con el apoyo del Ayuntamiento de Irun, pudimos acercarnos a una realidad lejana geográficamente, pero que no puede dejarnos indiferentes.

Eskerrik asko topaketan parte hartu zenuten guztioi!

¡Gracias a todas las personas que participasteis en el encuentro!


Elkartasuna ez da distantzietan neurtzen, besteengana hurbiltzeko dugun gaitasunean baizik.

Porque la solidaridad no se mide en distancias, sino en nuestra capacidad de acercarnos a los demás.



lunes, 19 de octubre de 2026

GIZA KORAPILOA

 Urriaren 19ko gogoetan elkarlanaren garrantzia landuko dugu. Horretarako, "Giza korapiloa" izeneko dinamika egingo dugu.

Ikasleak talde txikietan jarriko dira zirkuluan, eta eskuak gurutzatuz, beste bi kideri helduko diete. Ondoren, hitzik egin gabe eta eskuak askatu gabe, osatutako korapiloa desegiten saiatuko dira. LH1 eta LH2ko ikasleekin talde txikiagoetan egingo da, irakasleen laguntzarekin.

Jolas honen bidez, ikasleek elkarren beharra dugula esperimentatuko dute, helburu bat lortzeko entzutea, pazientzia eta lankidetza ezinbestekoak direla ohartuz.

Gogoetarako galdera: Zergatik da errazagoa arazo bat konpontzea elkarrekin, bakarka baino?

Elkarrekin aritzeak ideiak partekatzeko, elkarri laguntzeko eta zailtasunei aurre egiteko aukera ematen digu. Horrela, taldean indartsuagoak garela ikasten dugu.

“Batasunean indarra dago.” 💙🤝



domingo, 18 de octubre de 2026

MAITA EZAZU, BESTEEK EGITEN DUTENA ESKERTUZ!

 Egun on denoi! Azken gogoetetan besteak zaintzeko modu asko ikusi ditugu: bakarrik dagoenarengana hurbiltzea, laguntzea, entzutea eta besteen beharrak ikustea. Gaur beste zerbait proposatu nahi dizuegu: eskerrak ematea.

Egunero pertsona askok gauza txikiak egiten dituzte gure alde: etxean norbaitek gosaria prestatzen digu, lagun batek entzuten digu, irakasle batek zerbait azaltzen digu berriro, ikaskide batek materiala uzten digu, norbaitek galdetzen digu: «Ondo zaude?»

Askotan ohitu egiten gara gauza horietara eta ez gara konturatzen. Baina hitz txiki batek asko esan dezake: «Eskerrik asko.»

Eskerrak ematen dugunean, beste pertsonari hau esaten diogu: «Ikusi dut egin duzuna», «Garrantzitsua izan da niretzat», «Zu ere garrantzitsua zara niretzat»…

Jesusek ere eskerrak ematen jakin zuen. Behin, hamar pertsona sendatu zituen, baina bakarra itzuli zen berari eskerrak ematera. Orduan Jesusek galdetu zuen: «Ez al ziren hamarrak sendatu? Non dira beste bederatziak?» (Lk 17,17)

Batzuetan asko eskatzen dugu. Baina… eskertzen al dugu jasotzen duguna?

Pentsa ezazu une batez: Nori eman diezazkioket gaur eskerrak? Agian etxeko norbaiti, gian lagun bati, agian ikaskide bati, agian irakasle bati. Ez dugu hitzaldi handirik behar. Batzuetan nahikoa da pertsonari begiratzea eta esatea: «Eskerrik asko»

MAITA EZAZU, BESTEEK EGITEN DUTENA ESKERTUZ!


Nor da azkenaldian niretzat zerbait ona egin duen pertsona bat? Esan al diot eskerrik asko? Nori eman diezazkioket gaur eskerrak, eta zergatik?

domingo, 11 de octubre de 2026

DOMUND EGUNA

 Egun on denoi! Azken asteotan besteak zaintzeko modu desberdinez hitz egin dugu: besteak benetan ikusteaz, entzuteaz, hitz onak erabiltzeaz eta inor bakarrik ez uzteaz.

Gaur gure begirada pixka bat urrunago eramango dugu. Laster DOMUND eguna ospatuko dugu. Egun horretan, munduko hainbat tokitan beste pertsonen ondoan bizi eta lan egiten duten misiolariak gogoratuko ditugu.

Misiolari izatea ez da bakarrik herrialde urrun batera joatea. Misiolari izatea da besteengana hurbiltzea, haien beharrak ikustea eta laguntzeko prest egotea.

Munduan badira guk baino aukera gutxiago dituzten pertsonak: eskolara joateko zailtasunak dituzten haurrak, osasun-arreta eskasa duten familiak, gerratik ihesi joan behar izan duten pertsonak edo bakarrik eta baztertuta bizi direnak. Misiolari askok haien ondoan egotea erabaki dute.

Baina DOMUNDak galdera bat ere egiten digu guri: Eta nik? Zer egin dezaket besteengatik?

Agian ez gara Afrikara, Asiara edo Amerikara joango. Baina gure inguruan ere misiolari izan gaitezke: laguntza behar duenari eskua luzatuz, bakarrik dagoenarengana hurbilduz, daukaguna partekatuz edo beste pertsonen egoerarekiko axolagabe ez geratuz.

Jesusek bere ikasleei esan zien: «Zoazte mundu osora eta hots egin berri ona.» (Mk 16,15)

Mundua oso handia da. Baina hura aldatzen hasteko, batzuetan, ondoan dugun pertsonarekin hastea nahikoa da.

MAITA EZAZU, ZURE BEGIRADA MUNDURA ZABALDUZ!


Zergatik erabakitzen dute pertsona batzuek beren bizitza besteen alde eskaintzea? Eta ni, nire eguneroko bizitzan, nola izan naiteke “misiolari” nire ingurukoentzat?

lunes, 5 de octubre de 2026

GURE EMOZIOEN MOTXILA

 Urriaren 10ean, Osasun Mentalaren Nazioarteko Eguna dela eta, Lehen Hezkuntzako ikasleekin "Emozioen motxila" izeneko gogoeta egin dugu.

Jarduera honen bidez, denok emozioak ditugula eta batzuetan emozio horiek gure barruan "motxila" bat bezala eramaten ditugula hausnartu dugu. Ikasleek pozak, beldurrak, kezkak eta ilusioak identifikatu dituzte, eta horiei buruz hitz egiteak zein garrantzitsua den ikusi dute.

Gogoetak gogorarazi digu ez gaudela bakarrik: zailtasunak ditugunean, laguntza eskatzea ausardia dela eta inguruan ditugun pertsonengan konfiantza izan dezakegula.

Elkar entzunez eta zainduz, gure ongizatea eta ikaskuntza hobetzen ditugu.

Zaindu dezagun gure motxila emozionala, egunero pixka bat gehiago. 💙



domingo, 4 de octubre de 2026

MAITA EZAZU, INOR BAKARRIK EZ UTZIZ!

 Egun on denoi! Batzuetan, jendez inguratuta egon arren, bakarrik senti gaitezke. Gelan, patioan edo talde-lan batean, agian norbait bakarrik geratzen da. Batzuetan lotsatia delako. Beste batzuetan berria delako. Edo, besterik gabe, ez dakielako nola hurbildu besteengana.

Eta horrelakoetan, keinu txiki batek asko lagun dezake: “Etorri gurekin” edota “Nahi duzu gure taldean egon?” edota “Zer moduz zaude?” Hiru esaldi besterik ez dira. Baina norbaitentzat oso garrantzitsuak izan daitezke.

Jesusek askotan egiten zuen hori: besteek alde batera uzten zituzten pertsonengana hurbiltzen zen. Haiekin hitz egiten zuen, entzuten zien eta garrantzitsuak zirela sentiarazten zien.

Guk ere gauza bera egin dezakegu. Ez dugu mundu guztiarekin lagun minak izan behar. Baina inork ez luke ikusezina sentitu behar.

Pentsa ezazu une batez:

Ba al dago nire inguruan bakarrik geratzen den norbait?

Batzuetan, bestea zaintzea bestearengana hurbiltzea besterik ez da.

MAITA EZAZU, INOR BAKARRIK EZ UTZIZ!



Nola sentitzen naiz talde batean kanpoan geratzen naizenean? Nola antzeman dezaket norbait bakarrik dagoela? Zer egin dezaket aste honetan norbait taldean sartuta senti dadin?

SANTU GUZTIEN EGUNA ETA GAU BELTZA

Oroitzapen politak, esker ona eta maitasun-keinu txikiak Santuak pertsona oso bereziak izan ziren, gu bezala hemen Lurrean bizi zirenak. San...